Manifestua

Manifestua

Biziarteko zigorrik ez! Heriotza zigorrik ez!

Jetsi manifestua
Espainiar eta Frantziar espetxeetan sakabanatuak dauden 750 preso politikoak benetan egoera kezkagarrian daude gaur egun, espresuki beraien aurka mantentzen den espetxe politika krudelaren ondorioz.

Giza eskubideen ukazioa eguneroko ogia da espetxeetan. Preso politikoak pertsona bezala suntsitu nahi dituen politikarekin jarraitzen dute bi gobernuek, presoak bakartuz, komunikazioa zailduz, oinarrizko eskubideak zangopilatuz. Azken urteetan euskal preso politikoei begira hartzen ari diren neurriek ere berdina erakusten dute, biziarteko espetxe zigorra eta gaixo larriei ezarritako heriotza zigorra izanik bere espresiorik gordinenak. Nola ulertu bestela minbiziak jota dauden presoak espetxean mantentzea? Nola ulertu bestela 20 urteko espetxe zigorra betea duen presoari bere kondena beste 10 urtez luzatzea? Helburu argiak dituzte euskal preso politikoen aurka hartzen ari diren salbuespeneko neurriek.

Baina neurri hauek ez daude soilik espetxeetara begira martxan jarriak. Presoarekin batera bere senide eta lagunak daude zigortuak, astero milaka kilometro egitera behartuak. 40 minutuko bisita bat egiteko orduak eta orduak errepidean pasatu beharrak agerian uzten du sakabanaketa politikaren krudelkeriaren neurria. Sakabanaketak presoen senideei ondorio ekonomiko eta fisiko nabarmenak eragiten dizkie, kilometro guzti hauek egiteak suposatzen duen arriskuaz gain. Ondorio larriena heriotza da, errepidean bizitza utzi dute 16 senideek erakusten duten bezala.

Adibide gehiago aipa genitzake, beti ondorio berdinera iristeko: Euskal preso politikoek eguneroko jazarpena bizi dute giltzapean.

Egoera honen arduradun zuzenak diren espainiar eta frantziar gobernuei ondorengo eskaria luzatzen diegu:

- Gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak berehala askatu ditzatela.

- Biziarteko zigorra ezartzeko neurriak bertan behera utzi ditzatela: Kondena betea duten presoak kaleratuz eta kalean daude preso ohiak bakean utziz.

- Euskal presoak euskal herriratuak izan daitezela, sakabanaketa eta bakartze politikarekin amaituz.

Beste dei bat luzatu nahi diogu euskal jendarteari. Herritarren inplikazioarekin eta lanarekin soilik lortuko dugu helburu hauetara iristea. Lan asko egin da urte hauetan guztietan, baina egoerak larria izaten jarraitzen du eta asko dugu oraindik egiteko.

Bide honetan euskal preso politikoen eskubideen alde urtarrilaren 3an Bilbon burutuko den nazio manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu hemendik.