|
| kroni-K | |
|
[#02]
BIGARREN FINALERDIA |
|
Taldeak: TOXIKA!, XIKINKEI, UK-BILL eta BASANABASA.
Eguna: 2007/05/12
Lekua: Loiolako Gaztetxea (Donostia).
Jende-kopurua: 170 lagun inguru.
Donostiako Piraten
I. Musika Lehiaketaren lehenengo finalerdiaren harrera onaren
ondotik, bigarrena ere antzekoa izango zela espero zen. Baina
jende gutxiago hurbildu zen Loiolako gaztetxera. Beste behin ere,
larunbatek izan ohi duten misterioa bete zen. Jendeak nahiago
izaten du parranda egin edo beste leku batzuetara joatea. Izan
ere, eskaintza zabalagoa izaten da asteburuko lehen egunean.
Kontuak kontu, bigarren finalerdiak aurrera egin zuen falta ziren
beste lau taldeekin: Lasarte, Donostia eta Pasai Donibaneko Toxika!,
antzeko eremuetako Xikinkei, Añorgako Uk-Bill eta Donostiako
Basanabasa. Aurreko astekoa baino aukera ezberdinagoa, anitzagoa.
Bigarren finalerdiari erantzuteko 170 bat pertsona azaldu ziren
gaztetxean. Hori bai, pixkanaka. Oraingo honetan ere, soinu probak
behar bezala egin eta taldeek gustura afaldu ondoren taula gainean
aritzeko ordua iritsi zen.
Toxika!
Gaueko hamarretarako zegoen zehaztua kontzertuen hasiera, baina
Loiolako gaztetxea nahiko hutsa zegoela ikusita zertxobait
atzeratu zen, Toxika! gaueko lehenengo taldearen jarduna. Hala
ere, bost minutu pasa ondoren jende dezente inguratu eta Donostia
eta inguruetako laukoteak beraien kontzertuari eman zioten hasiera.
Lauko formatu sendoan, euskaraz abesturiko rock'n'rollaren doinuak
entzun ziren gaztetxean. Marga abeslariaren ahots indartsuak
berehala sortu zuen harridura (baita mugitzeko erak edo soinean
zeraman jantzi berde toxikoak). Eragin aldetik askotan esan ohi
dute Juliette & The Licks taldearen zaleak direla. Egia esan, ez
dabiltza urrun. Dena dela, ziur Toxikako kideak ez direla
Zientzologiako kideak, Lewis anderea bezala. Oro har, emanaldi ona
eskaini zuten nahiz eta ahotsa apur bat galduta geratu. Soinua ez
zen merezi zuten adinakoa izan. Hala ere, abestiz abesti beraien
rock indartsu eta erritmikoa agerian utzi zuten. Honez gain,
aipagarri da gitarra jotzaileak soka bat haustearekin batera
Margak denbora aprobetxatu nahi izan zuela bakarkako jardun "berezi"
batekin. Egia esan, abeslariaren jarrera izan zen Toxika taldearen
kontzertutik nabarmendu zena.

Xikinkei
Ziztu bizian hurrengo kontzerturako egokitzapenak egin eta
Xikinkei taldeko musikari gazteak gertu zeuden kontzertuari
ekiteko. Egia esan, taldeek gazteek Euskal Herrian izaten duten
harrera ona dagoeneko argi dagoen errealitate bat da. Izan ere,
Xikinkei taldeak jende dezente ekarri zuen gaztetxera beraien
kontzertua ikustera. Bistakoa da jarraitzaile talde fidel bat
dutela. Giroa zerbait berotu ondoren, Xikinkei taldekoek beren
lehen maketaren kaxa ireki eta tarteka abesti guztiak jotzen hasi
ziren. Baita berriak ere. Publikoaren erantzuna erabatekoa izan
zen. Soinua gehiegi hobetu ez bazen ere, kantu bakoitzarekin
erantzun hobea izan zuten. Egia esan, musikari gazteek aurrera
egiteko gogoa dutela erakutsi zuten. Hala ere, oraindik nabari da
taldeak ez duela erabat erabaki musikalki zein bide hartuko duen.
Denetarik aurki daiteke beraien abestietan. Hardcore melodiko eta
punk-rockaren bitarteko oinarri bat, metal kutsua baterian, reggae
pasarteak, ... Guzti hau euskaraz. Zelako kakanahastea! Baina
onartu behar da nahasketaren emaitza nahiko entzungarria dela.
Gainera guzti honi melodia itsaskorrak gehitzen badizkiogu emaitza
diskoa bera baino borobilagoa da. Azken batean, Xikinkei taldeko
lau kideek asmatu zuten Loiolako gaztetxean emandako
kontzertuarekin eta modu berean eskertu zieten lagun guztiek.
Nolanahi ere, lagun ez ziren askok ere gozatu zutela esan daiteke.
Ikuskizun "mugituena" izan zen. Soka apurketak ere ez ziren faltan
izan. Musika apur bat definituz gero, etorkizuna izan dezakete.

Uk-Bill
"Beteranoek" hazi nahi duen taldearen lekua hartu zuten
eszenatokian. Uk-Bill taldekoek esperientziaren ikurra erakutsi
zuten gaztetxean. Utikan, Asgarth eta Lauroba taldeetan
irabazitako esperientzia lagun (azken bi taldeak momentuz martxan),
Uk-Bill taldeko lau musikariek argi adierazi zuten zergatik
jarraitzen duten musikaren munduan. Atsegin dutelako. Arrakasta
ezagutu dute. Baita gainbehera ere. Baina hor jarraitzen duten
musika egiten. Oraingo honetan, Rafa Cabeza musikari "mitikoak"
rock'n'roll doinuetarantza bideratu du bere talde berria. Maketa
aurki ateratzekoak dira eta bertako abestiak aurkezteko
aprobetxatu zuten bigarren finalerdia. Hasieratik azpimarratu
behar da Añorgakoek gaueko soinu garbiena izan zutela. Musikari
bezala duten esperientziak ere lagundu zuen horretan. Bateratuta
aritu ziren, abesti guztiekin betiko rock doinuak euskaraz
transmititu nahian. Ordurako aretoa ez zegoen aurreko taldearekin
bezain beteta, baina jendeak gustura jarraitu zuen beraien
kontzertua. "Beteranoek" oraindik badute zer abestu.

Basanabasa
Finalerdiei amaiera orokorra emateko, lehiaketako proposamen
berezienak hartu zuen oholtza. Azken boladan elektronikak gurean
bizi duen hazkuntzaren adierazle den Basanabasa taldeak kolore
ezberdina eman zion gauari. Irudi-sormena ilustrazio gisa erabiliz,
Donostiako bikoteak garai berrietara egokitzen den egitasmoa jarri
zuen martxan Loiolako gaztetxean. Beraien lehenengo emankizuna zen
eta ikusitakoaren ondoren ziur ez dela azkena izango. Basanabasak
elektronika oinarrian badu ere, fusioaren alde egiten du. Honela,
irudi-sormenarekin batera soinu aldetik ere sormen eta nahasketari
egiten dio lekua. Honela, Euskal Herriko musika tresna
tradizionalak (alboka, txalaparta, dultzaina, ...) erabiltzen
dituzte oinarri elektronikoak janzteko. Hala ere, zuzenean soilik
txalaparta erabili zuten baina ziur aurrera begira beste hainbat
musika tresna gaineratzen dituztela. Ikusikizunari dagokionez,
onartu behar da honelako musikak hoztasuna dakarrela zentzu
batean. Zuzenean soilik irudi-sormena ikusten denez apur bat
hankamotz geratzen da proposamena. Soinu banda bat bezala entzuten
da, ikusteko ez dagoelako benetan zirrara sortzen duen ezer. Baina
honakoa betiko eztabaida litzateke. Azken batean, abesti ezberdin
asko jo zituzten, gozaraztekoak eta denbora pasatzekoak.
Gaztetxean geratzen den jende apurrak begi onez ikusi eta ondo
pasa zuen. Hori bai, esan bezala, bistakoa zen beraien lehenengo
emanaldia zela. Dudarik gabe, esperimentu berritzaile eta
interesgarria.

Honenbestez, Donostiako Piraten I. Musika Lehiaketa azken epaiaren
zain geratu zen. Zortzi taldeak zuzeneko frogatik pasa ondoren
orain epaimahaiak erabaki beharko du zein hiru taldek parte
hartuko duten maiatzaren 26ko finalean. Ez da batere erraza izango
erabakia, bai ordea hirugarren aldiz musika eta aldarrikapena
gustuko dituen oro Loiolako gaztetxean biltzeko. Astebete baino
zertxobait gehiago falta da final handira, bozkatu baino musika
onak eta festa eder batek ez digu kalte egingo, ezta?
Inaxio Esnaola (07/05/15)
Ikus-entzuleen iritzia
[
110 botu denera ]
|
1.
Xikinkei (62 botu | %56,3a)
2. Uk-Bill (20 botu | %18,1a)
3. Toxika (18 botu | %16,3a)
4. Basanabasa (10 botu | %9a) |
|
|
|
|
|
[#01]
LEHENENGO FINALERDIA |
|
Taldeak: INSTEP, BRUTAL PLANET, FRIDA PIPOL eta SUPERTROOPER.
Eguna: 2007/05/04
Lekua: Loiolako Gaztetxea (Donostia).
Jende-kopurua: 200 lagun inguru.
Donostiako Piraten
I. Musika Lehiaketa martxoan abiatu bazen ere maiatzean garatuko
da zuzenekoen bitartez Loiolako gaztetxean. Atzo,
epaimahaiak hautatutako zortzi taldeetatik lauk lehenengo
finalerdian parte hartu zuten. Bertan izan ziren, Oiartzungo
Instep, Lasarte eta Donostia bitarteko Brutal Planet, Oreretako
Frida Pipol eta Donostiako Supertrooper taldeak. Ostirala izanik
eta eguraldi kaskarra lagun, uste baino jende gutxiago espero zen.
Hala ere, lehiaketak piztu duen interesa dela medio 200 bat
pertsona bildu ziren Loiola auzoko gaztetxean. Gauza guztiak
prestatu eta soinu probak egin ondoren, gaueko hamarrak aldean igo
zen oholtzara gaueko lehen taldea.
Instep
Musika tresnak gertu, Oiartzungo boskotea musika lehiaketaren
lehen finalerdiari hasiera emateaz arduratu zen. Gazteak izan
arren, berehala egoki ziren eszenatokira eta "Frequently Asked
Questions" lehen maketako abestiak jotzeari ekin zioten.
Hasieratik agerian geratu zen Oiartzungo taldeak metal musikaren
joera berriak atsegin dituela. Gitarra riff astun eta ahots
urratuek borroka latza izan zuten noiz edo noiz azaltzen ziren
melodia pasarteekin. Baita DJaren parte hartze kurioso (efektu eta
saxo artean) eta bateria tekniko baten lanarekin ere. Ikus-entzuleek
harretaz jarraitu zuten gazte hauen kontzertua. Ordurako,
gaztetxea nahiko betea zegoen eta ondorioz Instep taldeko
musikariak hazi egin ziren taula gainean. Gutxi gorabehera hiru
ordu laurdeneko kontzertua eskaini zuten. Zinez interesgarria.
Finalerdiei hasiera emateko modu egokia.

Brutal Planet
Ohiko aldaketa egin ondoren Brutal Planet taldearen txanda iritsi
zen. Lasarte eta Donostiako musikariek osatutako taldeak doinu
gogorren bidetik jarraitu zuen. Metal musika aldarri boskoteak
indartsu hasi zuen bere emankizuna. Hori bai, aurrez
ikusitakoarekin aldaketa nabarmen bat eman zen: neska bat zen
abeslari eta gidaria. Honela, gitarra gogor eta bonbo bikoitzaren
taupadek ahots garbi bezain deigarri bat zuten lagun. Dena dela,
abeslariak arazoren bat zuen ahotsarekin eta noizbehinka dezente
sufritu behar izan zuen. Bestalde, soinua ez zen guztiz bikaina
izan lehenengo kantuetan, baina gerora dena hobetzen joan zen
merezi zuten oreka lortu arte. Kontzertuan eskaini zituzten
abestiak, laster aterako duten maketan entzun ahal izango dira.
Kantu sendoak, metal kutsu nabari dutenak. Klasiko zein modernoak.
Armenia aldeko bertsioren bat egiten ere ausartu ziren. Bitxia
oso. Azken batean, beraien aukera ondo aprobetxatu eta zuzeneko
intentsua eskaini zuten.

Finalerdiaren
erdialdera iritsita eta aldaketen denbora ondo erabiltzeko
Donostiako Piratek bete dituzten bost urteak biltzen zituen
argazki erakusketa jarri zuten gaztetxean. Honela, eztarriak asetu
bitartean entretenitzeko aukera izan zuten ikus-entzuleek.
Frida Pipol
Gauak guztiz aurrera egin baino lehen Oreretatik zetorren Frida
Pipol taldeak etenaldia hautsi zuen bere jardun ezberdina
erakusteko. Ordura arte, doinu gogorrak izan ziren protagonista.
Zazpi musikariz osatutako taldeak, berriz, kolore ezberdin bat
eman zion finalerdiari. Jorratzen duten funky irekiak jendea
dantzan jarri eta giro berezia sortu zuen Loiolako gaztetxean.
Diskoteka klasikoenetan protagonista zen argien-bolak bere martxa
hartu zuen erritmo dantzagarriekin bat egiteko. Beraien musika
denen eskura zegoen. "Six Appeal" lehenengo maketan bildutako
abesti gehienak jo zituzten eta ateratzear dauden "El Sarao"
bigarrenaren aurrerapena entzuteko parada ere izan zen. Funky,
groove, latino, bossa-nova, ... zer ez zuten nahastu Oreretakoek.
Egia esan, baxu jotzaile harrigarri baten jardunarekin, haizezko
musika tresnen eta teklatuaren bihurrikeriekin eta bi nesken ahots
ederrarekin nahasketa polita lortu zuten. Soinu aldetik, aldiz,
nahiko garbi entzun ahal izan ziren musika tresna guztiak. Finean,
ikus-entzuleek oso ondo pasa zuten Frida Pipolen proposamen
dantzagarriarekin.

Supertrooper
Eta lehenengo finalerdiari amaiera emateko Supertrooper taldekoek
hartu zuten eszenatokia. Askotan gertatzen den bezala azkeneko
taldeak jotzeko gogo berbera izan arren publiko eskasagoa izaten
du. Laster izango ziren goizeko ordubiak eta 50 bat pertsonek
jarraitzen zuten firme edo dagoeneko kolokan gaztetxean. Nolanahi
ere, Donostiako boskotea energiaz beteta eta aurpegiak margotuta
eman zion hasiera gaueko azken kontzertuari. Seikoteak lehenengo
akordetik aurkeztu zuen bere proposamena: 70. hamarkadako hard
rock lotsagabea, soul esentziarekin ahotsetan. Beraiek
horrela definitzen dute egiten duten musika eta zuzenean ere
berretsi zuten. Gauean zehar ikusitako bide beretik, Supertrooper
taldean ere emakumeen ahotsan izan ziren protagonista. Abestu eta
antzezteaz arduratu ziren bi neskek, ezin hobeto erakutsi zuten
oso ondo moldatzen direla. Melodietan ez zuten hutsik egin eta
izaera nahiko makarra izan zuten abesti guztietan. Publikoaren
aurrean, ordea, zertxobait inozoagoak izan ziren, lekuz kanpo
zegoen jerga rock'n'roll zalea erabili zutelako. Gainontzean
gaztetxean geratzen ziren apurrek bikain pasa zuten. Donostiarrek
ere, aurki aterako dute beraien maketa eta zuzenean
erakutsitakoaren ondoren argi dago kalitate handikoa izan zen.
Ezusteko lotsagabea eta bikaina izan zen lehenengo finalerdiei
ateak ixteko.

Behin kontzertuak amaituta jende gehienak etxerako bidea hartu
zuen. Aste osoa lan egiten pasa duenak ez du festarako gorputzaldi
hoberena izaten. Donostiako Piratetako hainbat kidek ere amore
eman behar izan zuten eta nekeak jota merezi zuten atsedenaren
bila joan ziren. Hala ere, gaua ez zen guztiz amaitu. Peru DJak
bere musika tresna martxan jarri eta Loiolako gaztetxean geratzen
zirenei soinu banda bat jarri edo arrazoi bat eman zien trago bat
edo bi (edo hainbat) hartzeko. Ez zen kexarik egon, beraz ondo
pasa zutenaren seinale.
Datorren
larunbatean bigarren finalerdiaren ordua iritsiko da leku eta ordu
berean. Lehenengora joan ez izanagatik damutzen direnek ez dute
arrazoirik bigarrenera ez hurbiltzeko. Hortaz, hurrengo astean
gehiago eta aukeran hobeto!
Inaxio Esnaola (07/05/05)
Ikus-entzuleen iritzia
[
122 botu denera ]
|
1.
Brutal Planet (47 botu | %38,5a)
2. Instep (31 botu | %25,4a)
3. Supertrooper (29 botu | %23,7a)
4. Frida Pipol (15 botu | %12,2a) |
|
|
|
|
|