|
I. Musika Lehiaketa 2007
Aurtengo udaran
5. urtez jarraian Aste Nagusia abordatzeko prest gara! 5. urtez
kalaberaren algara geure kaleetan zehar entzuteko gogo biziz, 5. urtez
hodeiertzean jai herrikoien aldarria begiztatuz donostiarron badia bandera
beltzez betetzeko asmo irmoaz, 5. urtez 200 kanoi eta ehunka gazteren
indarrez hiri hau abordatzera gatoz jai eredutik hasita beste hiri eta
bizi eredu herrikoi euskaldun eta sozialago baten proiektuei geure
ekarpena eginaz, protesta eta jaia uztartuaz.
5 urte hauei so egitean, mugimendu honek emandako fruituak aurreikuspen
guztiak gainditu dituela esateko moduan aurkitzen gara! Lehenengo urtean
hamarnaka batzuk izan baginen ilusioz beterik gazte proiektu hau abiatu
genuenak, urtez urte ehunka, eta hainbat momentutan milaka izan dira modu
batean edo bestean pirata sentitu eta pirata gisara Aste Nagusian parte
hartu dutenak. Ez hori bakarrik, gainera mugimendu honen oinarriak ezarri
eta eraikitzeko garaian, oso presente izan ditugu Euskal Herrian jai
herriko orok ezinbestean jaso eta eman beharreko balore eta eduki herritar
zein aurrerakoiak. Hala ere eta oraindik orain ez da gure txalupa nahi
dugun kaira iritsi , Egun Donostiak ez du Jai herrikoi oso batzuek
antolatu eta gozatzeko aukera eta horixe da geure azken portua. Baina ez
gara itsaso zabalen galduko, ezta itoko ere , aurrera segitzeko oihalari
bultzatzen dion haizea badugu eta haize hori guztiok gara, pirata
sentitzen garen horiek , egunez egun gehiago izango garenak.
Norabidea ere argi dugu, geure iparorratza inoiz baina zorrotzago
darabilkigu, ezerk ez digu adierazten kontrakorik, argi eta garbi dugu
PARTEHARTZEA dela jai herrikoi batzuk ahalbidetuko dituen tresna. Beraz
aurtengo itsaso-kanpainarako geure leloa PARTEHARTZERUNTZ ABANT
izango da, antolatuko dugun ekimen oro zentzu horretan ulertzeari
garrantzi handia emanaz. Honezkero hasi gara lanean, eta erronka honi
erantzuten dio, gaurko prentsaurrekoaren edukiak. Segidan aurkeztuko
zaizuen Musika lehiaketak helburu zehatz batzuk ditu: Musika, jaiarekin
hainbesteko harremana duen espresio kulturala erabiliaz, Donostia eta
ingurutako talde gehi euren inguruan mugitzen diren koadrila eta
gazteetara hurbildu nahi dugu. Euren moduan -kasu honetan musika eginaz
eta joaz - geurekin bat egin dezaten. Hau da filosofia, hau da bidea gure
ustez eta jakinarazi nahi dizuegu ekinbide musikal honetaz gain urtez
urte, aurtendik hasita, ahalik eta gazte donostiar gehienekin bildu eta
bat egiteko asmoa dugula, eurengana joaz, eurei entzunaz eta jai
herrikoien helburura eurek gustuko duten modura atxikiz.
Aurki dugu Aste Nagusia geure artean, ziurtasun osoz aurten eta urtez urte
pixka bat herrikoiagoa izango da, geure azken helburua erdietsi arte.
Abordatzea, irrikitaldia, eskaintza musikala, herri-jolasak, etab. umorez
, ironiaz eta protestaz beterik, norbanako eta gazte eragile ezberdinen
presentzia eta inplikazioaz, eta hau dena PARTEHARTZEAREN itsas oihalean
bilduta!!! Jaia baita herri honetan tristura eta negarra begitik kentzen
digun haize tenpesta , jaia baita gizarte eredu berri baterantz
eraldaketarako beste tresna garrantzitsu bat. Azkenik zorionak eman
Donostiako Pirata guztiei, beraiei esker egungo jaiak zentzu herrikoiagoa
duelako eta batez ere Aste Nagusia ezin uler litekeelako Donostiako
Piratak gabe. Lorpen hori guztiona da! ZORIONAK ETA SEGI LANEAN! JAI
HERRIKOIEN ALDE ABORDATZERA!
Donostiako
Piratak |