
e-maila: okupamugi@euskalerria.org
gaztetxe eta gazte asanbladen (arteko) komunikaziorako web-gunea
gune honetan argitaratutako albisteak zuzenean jasotakoak edo honako lekuetatik hartuak dira:
www.gaztesarea.info - www.euskalherria.indymedia.org - www.jotake-lahaine.org
2006 - 3 - 1
Guardia Zibilak Gorka Ribadulla gaztea atxilotu du Kukutza gaztetxean
Gorka Ribadulla, Poti, Bilboko Errekalde auzoko gaztea atxilotu du Guardia Zibilak gaur goizeko 7:30ak aldera. Gorkaren etxebizitza den Kukutza gaztetxea miatzen aritu dira eta hainbat gauza eraman omen dituzte. Dagoeneko alde egin dute Guardia Zibilek.
Bilboko Askatasunaren oharra:
Gorka Ribadulla Bilboko Errekalde auzoko gaztea guardia zibilak atxilotu du goizeko 7:30ak inguruan taberna batean gozaltzen zegoenean.
Momentu honetan Guardia Zibila Gorkaren etxebizitza den kukutza gaztetxea miatzen ari da eta bertaratzen saiatzen direnak identifikatzen ari dira inolako informaziorik eskeini gabe.
2001. urtean ertzaintzak atxilotu zuen Gorka eta 2004. urtean berriro ere atxilotua izan zen baina oraingoan Guardia Zibilaren eskutik tortura basatiak salatu zituelarik.Momentu honetan epaiketaren zai zegoen.
Okupazio berria Gasteizko Alde Zaharrean
Iragan asteotan Aiztogile kaleko okupek zein Gasteiz Txiki auzo elkarteko arduradunak eraikin honetako etxe eta lokal hutsak okupatzeko eginiko gonbitearen ildotik Hemen eta Munduan taldeak Aiztogile kaleko 99 zenbakiko baxuan kokatzen den lokala okupatu du.
Hemen eta Munduan taldearen oharra:
Alde zaharreko biztanleei:
Iragan asteotan Aiztogile kaleko okupek zein Gasteiz Txiki auzo elkarteko arduradunak eraikin honetako etxe eta lokal hutsak okupatzeko eginiko gonbitearen ildotik, zuenagana zuzentzen gara Aiztogile kaleko 99 zenbakiko baxuan kokatzen den lokalaren okupazioa iragartzeko.
Alde Zaharreko auzokideak, langileak, zein erabiltzaileak garen aldetik, gure kezka adierazi nahi dugu Udaletxeak gure auzoan burutu nahi dituen egitasmoen inguruan, izan ere bertako biztanleak izanik erakundeetako arduradunek ez baitigute inolako iritzirik edo baimenik eskatu (bai ordea auzoan lan egiten duten beste hainbat jendarte taldek, AZAO ekimenak kasu) eta aurreikusitako proiektu guztiak bertakoon borondatearen kontra garatuko baitira. Kezka honek bultzatuta eta gure auzoak dituen gabeziak kontuan hartuta, esparru hau askatu nahi izan dugu, era publiko batean, gure auzoko bestelako ahotsen topagunea eta bozgoragailua izango bada. Halaber, salatu nahi ditugu eraikin honen jabea den Santa Maria fundazioa osatzen dituzten erakundeak; Udaletxea, Foru Aldundia, eta Apezpikutza, alegia; bertako biztanleon iritzia kontuan hartu barik auzoan eta eraikin honetan bereziki burutu nahi dituzten egitasmoengatik. Eta salatu nahi dugu orohar PERI izeneko proiektuaren barruan kokatzen diren egitasmoak, izan ere uste baitugu Alde Zaharreko auzokideon mesederako hobekuntzak burutu beharrean, benetako asmoa bestelako enpresa eta turismo interesak laguntzea baino ez dela.
Gaur askatu nahi dugun esparru hau, beraz, espazio publiko, irekia eta anitza bihurtu nahi dugu; interes espekulatiboen gainetik bertan, legalki zein ilegalki, bizi, lan egin, edo aisialdiaz gozatzen dugunon iritzi, iruzkin, kezka eta ekimenak konpartitzeko topagune autogestionatua, alegia. Gonbitea luzatu nahi diegu, halaber, auzoan zein auzoaren alde lan egiten duten eragileei esparru hau erabil dezaten eta eraikitzen lagun dezaten, garai batean lokal huts eta abandonatua izan dena ekimenak sortzeko esparru bizi bat bihur dezagun.
Eskertu eta gogoan izan nahi dugu ere azken hamazortzi urteotan Alde Zaharrean izan den eta aurrerantzean ere izango den Gaztetxearen proiektu askatzaile eta autogestionatua, gure ekimen jaioberri hau beste ekimen beteranoagorik ordezkatu barik gehitzeko eta aberasteko asmoarekin jaio baita.
Besterik ezean, gonbidatu nahi zaituztegu berriro ere guztiok esparru askatu honen eraikuntzan parte har dezazuen, bestelako enpresa interes espekulatiboen gainetik, gurea, jendearen eta jendearentzako auzoa izan dadin lagungarria izan dadila.
Osasunez eta askatasunez goza dezazuen.
2006 - 2 - 20
Dozenaka gaztek Gernikako Astra okupatu zuten zapatuan
Zapatuan goizeko 8:00etan Gernikako 100 gazte inguruk Astra arma lantegia izandakoaren eraikinetako bat okupatu zuten. Bigarren aldiz okupatu dute eraikina.
Astra Gernikarentzat ekimenaren oharra:
Otsailaren 18an goizeko 8:00etan 100 gazte inguruk Astra arma lantegiko eraikin historikoetako bat okupatu zuten bigarren aldiz. Abenduaren 24an sartu ziren lehenengoz, baina sartu eta hamabi ordura Ertzainek kanporatu egin zituzten.
Orduz geroztik, Gernikako Gazte Asanbladak eta Iparragirre Rock elkarteak martxan ipinitako Astra GrnikEntzako ekimenak babesa zabala lortu du Gernikarren artean. 2000 sinadura baino gehiago bildu dituzte dagoeneko, eta hainbat elkarteren babesa lortu dute. Elkarteok ekimenean parte hartzen hasi dira. Izan ere, gazteek martxan ipinitako ekimenaren baitan kultur eta gizarte eragileen artean prozesu partehartzaile bat jarriko da abian Astra zertarako eta zer nola kudeatuko den eztabaidatu eta adosteko.
Goizeko 8:00etan sartu eta berehala, Ertzainek zenbait gazte identifikatu zituzten. Ertzainetako bat eraikinera sartu zen gazteak atera nahian arrakasta handiegirik gabe (kar-kar-kar, ez baitzekien hainbeste gazte zeudenik barruan). Hasieran sarbideak oztopatu zituzten baina azkenerako alde egin zuten.
Bien bitartean, alkatearekin hitz egin zuten gazteek. Alkateak momentu honetan pribatua den eraikina erosi egin zuela plazaratu zuen egun batzuk lehenago komunikabideetan. Hala ere, elkarteen eta gazteen artean egingo den prozesu partehatzailea ez duela zertan aintzat hartu adierazi zien gazteei.
700 lagun Astra barruan okupatu eta 12 ordura
Okupazioaren egunerako egitarau antolatu zuten gazteek. Arratsaldez, Sarkor, Gatibu eta Ken7 musika taldeen kontzertuak arrakasta handia izan zuen. 700 lagun inguru hurbildu ziren Astrara, nahiz eta sarbideak desegokiak izan eta desalojo arrisku bizia egon.
Okupatutako eraikinak 2700 metro karratu ditu guztira eta 1915ean diseinatu eta eraiki zuen Ricardo Bastida arkitektoak. Gernikako bonbardaketa aurretik gaur egun arte zutik iraun duen eraikin urrietakoa da. Egun, kiebra prozedura judizialean dagoen Astra Spor SA da bere titularra, eta laster enkante publikoan salduko da. Udalak eraikian erosi egingo duela plazaratu zuen orain astebete komunikabideetan.
Gazteek gune autogestionatu bat izan arte ez dutela etsiko adierazi zuten.
Atarrabia: 16 urte daramatzagu gazteok kudeaturiko udal lokal bat eskatzen
Berrokupazioa. Horixe izan da asteburu honetan Atarrabiatik iritsi zaigun berria, 2004ko arazoan desalojaturiko gaztetxea okupatu dute berriro herriko gazteek. Larunbatean sartu ziren. Lokala txukuntzen aritu ziren, kalejira bat egin zuten eta polizia nazionala ere agertu zitzaien. Gazte ugari identifikatu zituzten eta ostikorenbat ere jaso zuten. Martxoaren 4rako manifestazioa antolatu dute.

Atarrabiako gazte asanbladaren oharra:
Ikusitakoa ikusita, berrokupazioa
Larunbatean, otsailak 11, goizeko 9:00ak aldera, 30 bat gaztek Padre Murillo kaleko lehenengo zenbakian dagoen eraikina berrokupatu genuen, 2004. urteko irailean egin genuen bezala.
Maza pare batez lagundurik eta Atarrabian gaztetxe bat izateko gogo izugarriekin, bere egunean altxa zuten adreiluzko horma bota genuen, eta barrura sartu ginen. Ekimenak burutu ahal izateko lokala txukuntzen igaro genuen goiza. Batzuk propaganda jarri zuten herrian zehar gertaturikoari buruz informazioa emanez eta herriko gazteak proiektu honetan parte hartzera animatuz. Bestalde, goizeko 11:00ak aldera, eraikinaren jabe berriari deitu ostean (Muroa konstruktora) pare bat pertsona berarekin bildu ziren. Egoera azaldu zitzaion eta akordio bat lortzen saiatu ginen salaketarik jarri ez zezan eta eraikina bota arte bertan gelditzen utz ziezagun. Honek ez zuen onartu, berehala alde egiteko esan zigun eta zuzenean salaketa jartzera joan zen. Ondoren asanblada bat egin genuen eta asteburu honetarako pentsatuta genituen ekimenekin jarraitzea erabaki genuen.
11:30etan prentsaurreko bat burutu genuen eta 12:00etan sabela ondo bete genuen hamaiketakoarekin. Bitartean, 1992 urtetik 2005. urtera bitarte prentsan gazte asanbladari buruz azalduriko albisteekin erakusketa bat jarri genuen.
Okupazioa Atarrabian
13:00ak aldera, kalean pankartak egiten genituen bitartean, eta gazteok kudeaturiko lokal munizipalen aldeko sinadura batzuk biltzen genituen bitartean polizia foralak 4 gazte identifikatu zituen. Ondoren, 14:30etan, bazkaldu egin genuen.

Bazkaldu ostean beheko partea txukuntzen aritu ginen gauerako aurreikusita genituen kontzertuak burutzeko: barra bat jarri genuen, banku batzuk...
Ondoren beste asanblada bat egin genuen eta 20:00ak aldera mozorrotuta kalera atera eta kalejira bat egin genuen gazteek eta orokorrea herri osoak gaztetxea aprobetxa zezan, asteazkenean eraikina botatzeko asmoa baitute, eta guk kudeaturiko gaztetxe bat izateko dugun eskubidea aldarrikatzeko. Kalejira amaitu eta gaztetxera sartu ginenean polizia nazionala agertu zen gu desalojatzeko prest. Atea isten zuen katea hautsi eta barrura sartu ziren. Momentu hortan han geunden guztiak identifikatu gintuzten, 16 guztira. Adarra jo ziguten eta porrazorenbat eta ostikorenbat jaso ostean joaten utzi ziguten.
Bukatzeko gazteok bizi dugun egoeraren erantzulea udaletxea dela esatea baino ez zaigu geratzen, eta bera da Atarrabiako gazteek dauzkagun eskaera eta beharrak konpondu beharko lituzkeena. 16 urte daramatzagu dagoeneko gazteok kudeaturiko lokal munizipal bat eskatzen eta udaletxeak ez du kasurik egiten. Horregatik egin behar ditugu gisa honetako okupazioak.
Okupazioa Atarrabian

Egoera hau salatzeko eta Atarrabian gaztetxe autogestionatu bat aldarrikatzeko martxoaren 4an, arratsaldean egingo dugun manifestazioan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.
garren bisitaria zara 2004ko maiatzaren 22tik hona